Title Image

Beautiful Blog

BRIF BRAF BRUF AZKEN TXANPARA IRISTEN ARI DA LEIRE URBELTZEK EGINDAKO MURALAREN INAUGURAZIOAREKIN ETA JO & SWISS KNIFE TALDEAREN EMANALDIAREKIN

BRIF BRAF BRUF Haur Literatura eta Ilustrazio Jaialdiaren lehen edizioa azken txanpara iritsi da. Ostegunean, hilak 7, arratsaldeko 17:30etan inauguratuko da Leire Urbeltz artistak Magdalena kaleko 10. zenbakian egin duen horma-irudia, Txantrea auzoan. Ekitaldian, artistak murala sortzeko eta egiteko prozesua azalduko du. Ostiralean, hilak 8, 19:00etan, Jo & Swiss Knife taldeak itxiko du jaialdia.
Bernart Etxepare IPko Lehen Hezkuntzako 3. mailako ikasleen partaidetzarekin egindako horma-irudia
Leire Urbeltzek 12 metroko altuera eta 8 metroko zabalera duen horma-irudi bat egin du eraikinaren alboko fatxadan, Txantrea auzoko Magdalena eta Uharte Arakil kaleen artean. Gianni Rodariren “Brif bruf, braf” ipuinean oinarrituta diseinatu du murala. Gainera, urritik, artistak ariketak eta tailerrak egin ditu Bernart Etxepare ikastetxe publikoko Lehen Hezkuntzako 3. mailako haurrekin. Horiekin batera, ipuinari buruzko marrazki figuratibo eta errealistenetik hasi eta fantasiatik hurbilago dauden irudi eta irudikapenetaraino ibilbidea egin ahal izan zuten. Horrela, haurren irudimenetik, kolore mugagabeko eskailerak sortu ziren, emakumeak suzko oinekin, txirristak zerurantz. Leirek elementu horietako asko erabili zituen horma-irudiaren azken diseinua egiteko.
Horma-irudi bizia eta komunitarioa
Leirek, horma-irudian elementu berriak ere sartu ditu errealizazio prozesuan, artistak, egunez egun, eraikinaren jabe den bizilagunen komunitatearekin izan duen harremanaren ondorioz. Horrela, horma-irudian eraikineko bizilagun baten zakur dalmata, “Tina” edo Mari auzoko erraldoia agertzen da. Azken horrek izar bati eusten dio, duela gutxi hil den auzoko bizilagun bat gogorarazten duen argi batekin.

Inaugurazioa, osteguna 17:30
Ostegun honetan, 17:30ean, horma-irudia inauguratuko da. Bertan, Leire Urbeltz izango da, Bernart Etxepare IPko lehen hezkuntzako 3. mailako irakasle eta ikasleak eta eraikineko bizilagunak. Denek azalduko dute prozesua eta nola ikusten duten hormaren eraldaketa.  Inaugurazio honen ondoren, gabonetan auzoko kaleak fantasiaz bete dituzten beste esperientzia fantastikoen ibilbidea egingo da: kabina, baso fantastikoa eta itzalen karrusela.

Amaiera
Ostiralean, hilak 8, itxiko da jaialdia Euskararen Plazan, San Kristobal eta Magdalena kaleen artean. 18:00etan Auzotegiko Birjiñe Alviraren antzerki taldeak emanaldia eskainiko du itzalen karruselean, gure gorputzarekin eta itzalekin jolastera animatuz. 18:30ean Marco eta Mirko jokoaren sariak zozketatuko dira, auzoko dendetan zeuden ilustrazio bikoteak bilatzea proposatu du joko honek. Nafarroako 20 ilustratzaileek egindako marrazki-bikote berdinak 40 dendatako erakusleihoetan banatu dira, eta joko-mapa baten laguntzaz, ilustrazio bera zuten saltokietako bikoteak bilatu behar ziren. Bikote trebeenen artean, 3 sari zozketatuko dira. Eta jaialdia ixteko, Jo & Swiss Knife taldeak neguko arratsalde hotza izango dena alaituko eta berotuko du.

Esperientzia Fantastikoak
Abenduaren 26tik urtarrilaren 8ra arte, Txantrea auzoko kale, plaza eta parkeetan esperientzia fantastikoak izan dira, eta hitzarekin eta fantasiarekin jolastera animatu dira.

• Telefono-kabina fantastikoa: Arriurdiñeta plazan, Liburutegiaren ondoan, kokatutako telefono-kabina fantastiko batek Gianni Rodari eta bere “Telefonozko ipuinak” omentzen ditu. Kabina horren barruan telefono-zenbaki bat marka dezakegu, eta zenbaki horri dagokion ipuina entzun. Gianni Rodariren ipuinez gain, Doña Mayor, García Galdeano eta Bernart Etxepareren ikasleek sortutako ipuinak ere entzun daitezke. Ipuin horietako asko idazleak ipuinak sortzeko proposatzen zituen teknika fantastikoekin sortu dira.

• Itzalen karrusela: euskararen plazan sei alde oihalez estalita dituen instalazio bat dago, eta erdian argi birakari bat, gure gorputzarekin eta itzalekin jolastera edo dantzatzera gonbidatzen gaituena.

• Baso fantastikoa: Txantreako munduko parkea magikoa bihurtu da, argiak kolorez aldatu dira eta ipuinak kontatzen dituzten zuhaitzak daude. Gainera, hizkuntza askotan egiten dute, auzoan hizkuntza asko hitz egiten direlako. Patience Patricia, Irina, Simos. Beren kulturetako ipuinak kontatu dituzte eta zuhaitzetan zehar entzun daitezke.

Post a Comment