Logo Brif Braf Bruf

TXANTREA, FANTASIA ETA HAUR LITERATURA ETA ILUSTRAZIOAREN LURRALDEA BILAKATUKO DA.

Iruñeko auzoak Brif Braf Bruf jaialdiaren lehen edizioa hartuko du abenduaren 26tik urtarrilaren 8ra.

Auzoko hainbat haurrek aurkeztu dute gaur jaialdia. Txantreako kaleetan esperientzia fantastikoak proposatzen dituzte, hitzarekin eta fantasiarekin jolastera gonbidatzeko. Aperitibo gisa, abenduaren 20an, Haur eta Gazte Literaturako Azokaren hirugarren edizioa egingo da.



Brif, Braf, Bruf, Gianni Rodariren fantasiaren hizkuntza

Gianni Rodariren “Brif, bruf, braf” ipuinean bi haurrek hitz egiten duten hizkuntza asmatua, fantasiarena, aldarrikatu nahi du jaialdi honek. Hortik dator, hain zuzen ere, jaialdiaren izena, inspirazioa idazle hau eta bere istorioak kontatzeko modu fantasiatsu eta dibertigarria izan baita. Rodarik espaloi mugikorrak asmatzen zituen, “Zergatik dute biboteek katua? Edo zergatik dute kajoiek mahaia?” galdetzen zuten haurrak, baita esaten zuen Txanogorritxo berdea basora joan zela eta jirafa bat aurkitu zuela. Esaten zuen, halaber, haur apetatsu baten malkoak gutxiago pisatzen duela haizeak baino, eta haur goseti batenak lur osoak baino gehiago.


G. Rodarik Fantasiaren beharra eta hura praktikatzeko garrantzia aldarrikatzen zuen. Horregatik sortu da jaialdia, sormena sustatzeko, Txantrea auzo fantastikoa bihurtuz.

Esperientzia fantastikoak
Abenduaren 26tik urtarrilaren 8ra arte, hitzarekin eta fantasiarekin jolasten lagunduko duten esperientzia fantastikoak aurkituko ditugu kalean.


TELEFONO KABINA: Txantreako liburutegiak kalera aterako ditu ipuinak! Telefono kabina fantastiko bat egongo da Arriudineta plazan, Liburutegiaren ondoan, Gianni Rodari eta bere “telefonozko ipuinak” omentzeko. Kabinan sartzen garenean, telefono zenbaki bat markatuko dugu, eta zenbaki horri dagokion ipuina entzungo dugu. Gianni Rodariren ipuinez gain, Doña Mayor, Garcia Galdeano eta Bernart Etxepareren ikasleek sortutako ipuinak ere entzun ahal izango ditugu. Ipuin horietako asko idazleak ipuinak sortzeko proposatzen zituen teknika fantastikoekin sortu dira.

“JAVIER REY” IPUIN MARATOIA: aurten ez da krossik izango Txantrean, baina Brif, Braf, Bruf –ek ipuin-maratoia proposatzen du. Kabina eta liburutegiarekin ondoan, abenduaren 30ean, 11: 00etatik 14: 00etara, Javier Reyren omenezko ipuin maratoia izango da. Hiru orduz ipuinak kontatzeko gai izango gara? Zatoz, parte hartu eta lortuko dugu! Ekarri zure ipuina eta bestela gure Pantxika Lamurrek lagunduko dizu bat asmatzen!


HORMA-IRUDIA: hilaren 16tik aurrera, Leire Urbeltz artistak, Magdalena kaleko 10. zenbakiko horma erraldoi bati kolorea eta fantasia emango dio. Leirek sortu du marrazkia, Rodariren BRIF, BRUF, BRAF ipuinean oinarrituta. Gainera, tailerrak egin ditu Bernart Etxepare IPko Lehen Hezkuntzako 3. mailako neska eta mutilekin, ilustrazioarekin jolasten aritu baitira eta marrazkia sortzen lagundu baitiote.


ITZALEN KARRUSELA: Euskara Plazan Fermin Izkok egindako instalazio bat egongo da, oihalez estalitako 6 alde eta erdian argi birakari bat dituela. 6 pertsonak parte hartu ahal izango dute aldi bakoitzean. Pertsona bakoitza oihalezko panel batean jarriko da, eta argia bere lekura iristen denean, ta chan! Itzal bat sortu beharko du! Auzotegiko Birjiñe Alviraren antzerki taldeek joko honekin lagunduko dute!

BASO FANTASTIKOA: uste duzue zuhaitzek hitz egin dezaketela? Txantrean bai, ipuinak kontatzen dituzte. Munduko Parkeko hainbat zuhaitzek auzoko bizilagunek grabatu dituzten ipuinak kontatuko dizkigute modu magikoan. Eta hizkuntza askotan egingo dute, auzoan hizkuntza asko hitz egiten direlako. Patience, Patricia, Irina, Simos… Beren kulturetako ipuinak kontatu dituzte eta zuhaitzen bidez entzun ahal izango ditugu.

IPUINAK ESKEGITZEN: abenduaren 27an eta urtarrilaren 3an, igandeetan, 11:30etik 14:00 etara, Maria Auxiliadora kalean elkarlaneko ipuinak sortuko dira. Hartu zure orria eta idatzi esaldi bat aurrekoari jarraituz, sokan tentatuz, eta denon artean auzoko ipuinak sortuko ditugu. Idazten ez badakizu edo marraztea nahiago baduzu, behean zintzilika dezakezu zure marrazkia. Jarduera hau 10 urteko 3 neskek diseinatu eta antolatu dute.

MARCO ETA MIRKO JOLASA: Marko eta Mirco G.Rodariren ipuin bateko bikiak dira eta bere izenarekin eta Latxan merkatarien Elkartearekin batera bikoteen jokoa sortu dugu. Auzoko dendetako erakusleihoetan Nafarroako ilustratzaile ezberdinek sortutako ilustrazioak egongo dira. Horietako bakoitza errepikatuta dago, bi berdin daude auzoko bi saltokitan. Zeinetan? Zenbat eta bikote gehiago lortu, orduan eta aukera gehiago izango duzu sari bat irabazteko! Dendetan jolasteko mapak utziko ditugu, eskatu zurea eta jolastu!

Inaugurazioa eta itxiera: JO & SWISSKNIFE

Jo & Swiss Knife taldeak irekiko eta itxiko du jaialdia. Abenduaren 26an, 18: 30ean, eta urtarrilaren 8an, 19: 00etan, Euskara Plazan (itzalen tkarruselaren ondoan). Gainera, taldeak soinu banda aukeratu du jaialdirako.



Liburutegiko jarduerak:

Liburutegiak ere jarduera ugari prestatu ditu. Ostiralean, hilak 18, “Cuadernos viajeros” erakusketa inauguratuko da, Variopintas Kolektiboak sortuta. Eta abenduaren 23an “Un tal Rodari” Humo kolektiboaren ipuin kontaketa saioa izango da. Liburutegiak G. Rodariren interesgune bat ere sortu du eta laster irakurketa errazera egokitutako idazlearen ipuinak izango ditu El Molino Hezkuntza Bereziko Ikastetxearekin elkarlanean.


Haur eta Gazte Literaturako 3. Azoka

Eta motorrak berotzeko, Haur eta Gazte Literatur Azokaren hirugarren edizioa egingo da hilaren 20an Maria Ana Sanz zentroko patioan, Txantrean Auzolan aldizkariarekin batera antolatua eta Diego de Haro Liburudenden Elkartearen laguntzarekin. Ordutegia honakoa izanen da: 10:30etik 14:30etara eta 17:00etatik 20:30etara.

Haurren partaidetza

Jaialdiaren helburu nagusietako bat auzoko haur eta gazteen parte-hartzea lortzea da. Hori dela eta, Txantreako ikastetxeekin lan-ildoak ezarri dira. Gainera, jaialdia antolatzen parte hartuko duten 5 haurrek osatutako lantalde bat sortu da.
Talde hau bere irudimenetik sortutako jaialdiko jardueretako bat antolatzeaz arduratuko da, diseinu-, ekoizpen- eta errealizazio-prozesua gauzatuz. Ikastetxeen parte-hartzeari dagokionez, auzoko Haur eskolak (Izartegi eta Egunsenti), Haur eta Lehen hezkuntzako 3 ikastetxe publikoak (Bernart Etxepare IP, CP Doña Mayor eta CP García Galdeano), “El Molino” Hezkuntza Bereziko Elkargoa, Eunate BHI eta Maria Ana Sanz Administrazio, Merkataritza eta Informatikan Zentro integratua jaialdiaren helburuarekin lotutako proiektuak garatzen ari dira: sormena bultzatzea literaturaren, ahozko narrazioaren eta ilustrazioaren bidez.

Komunitatearen parte-hartzea

Proiektu hau “Kontalariak” elkarteak bultzatzen du, Txantrea auzoko eta kulturarekin harremana duten bizilagunek osatuta. Elkarte horren bultzada auzoan dauden gizarte eta kultur erakundeen laguntzarekin lotzen ari da, izan ere, Liburutegiarekin, fantasiarako ezinbesteko lekua, Jai Batzordearekin, Siñarzubi Haur eta Gazteentzako Elkarteen Federazioarekin, Txantrean Auzolanekin eta Latxan merkatarien Elkartearekin, elkarlanean ari da besteak beste. Helburua auzo osoa fantasia honen parte sentitzea eta guztion jaialdia izatea da.


Gianni Rodari, 100 urte.

Gianni Rodari haur literaturako idazle iraultzailea izan zen, baita kazetaria, maisua, fantasiaren pedagogoa eta, batez ere, umea ere. 1920ko Urriaren 23an jaio zen Italiako Omegna hirian. 2020an, Txantrean, Iruñeko auzoan, omenaldia egingo diote bere mendeurrenean.


Gianni Rodarik gizatasun eta fantasiazko heziketa aberatsaren alde egiten zuen eta sormena landu daitekeen funtsezko ezaugarria kontsideratzen zuen. Fantasia logikaren aurka ez dagoela ere adierazi nahi izan zuen. “Fantasia ez dago errealitatearen aurka, hura ezagutzeko tresna bat da eta menperatu egin behar da. Irudimenak hipotesiak eraikitzeko balio du, eta ab absurdu-ko frogapenak egiten dituzten zientzialariek eta matematikariek ere planteatu behar dituzte. Fantasiak errealitatea esploratzeko balio du.”

G. Rodariren hitzetan, ipuinak kontatzea oso gauza serioa da, “Hau baino lan serioagorik ez dagoela ulertu behar da. Ipuinek balio digute, hain zuzen ere, nortasuna ezabatzen duen balbula bat martxan jartzen ez dutelako. Nortasun osoa inplikatzen du, baita pentsamendu logikoa eta errealitatea behatzeko gaitasuna ere; beraz, errealitatera eramaten du, eta ez errealitatetik ateratzera “.



Finantzaketa
BRIF BRAF BRUF proiektua Nafarroako Kutxa Fundazioari eta La Caixa Fundazioari esker egin daiteke, Innova cultural 2020 deialdian hautatutako proiektuetako bat izan baita. Proiektuak ere diru-laguntza jaso du Iruñeko Udalaren kultur jardueretarako deialdiaren barruan. Gainera, MECNA zigilua eskuratu du eta Elkarteak jaialdiko merchandising-a salduko du.

Kovid-19
Kontalariak elkartea jakitun da une honetan egoera berezian gaudela, Covid 19ren eraginez. Jaialdia prestatzeko orduan, kontuan hartu ziren hura segurtasuna bermatuz gauzatu ahal izateko eskatzen ziren neurriak; programatuta dauden jarduerak kanpoan egiten dira, eta segurtasun- eta higiene-neurriak bermatzeko aukera ematen dute. Elkartearentzat, haurtzaroa eta fantasia aldarrikatzeak behar diren ahalegin guztiak merezi ditu, are gehiago une honetan.

Informazio gehiago:

KONTALARIAK ELKARTEA

kontalariaktx@gmail.com

Kontaktua: Maitena Muruzabal

Tfno: 659 169 561

BRIF, BRUF, BRAF

Telefonozko ipuinakGianni Rodari

Bi haur, patio lasai batea, hizkuntza berezi bat asmatzera jolasten ari ziren, beraien artean inork ez ulertzeko moduan hitz egin ahal izateko.

  • Brif, braf – esan zuen batak.
  • Braf, brof – esan zuen bigarrenak.

Eta algaraka hasi ziren.

Lehenengo bizitzako balkoian aguretxo bat egunkaria irakurtzen ari zen eta pareko leihotik begira on-ona ere ez eta gaizto-gaiztoa ere ez zen amonatxo bat zegoen. 

– Leloak dira, gero, haur horiek! – esan zuen amonatxoak.

Baina aguretxoa ez zegoen ados:

  • Ez zait hala iruditzen.
  • Ez didazu, ba, horien hizkera ulertu duzunik esango…
  • Bai, ba, dena ulertu dut. Lehenengoak, “Hau bai egun ederra” esan du. Eta bigarrenak, “Biharkoa askoz ederragoa izango da” erantzun dio.

Andreak imintzio bat eginez, ez zuen ezer erantzun, berriz ere haurrak beraien hizkuntzan hasi baitziren.

  • Maraski, barabaski, pipirimoski – esan zuen lehenengoak.
  • Bruf – erantzun zion bigarrenak.

Eta berriz ere biak algaraka hasi ziren.

  • Ez didazu oraingoan ere ulertu duzunik esango, e! – esan zuen haserreturik amonatxoak.
  • Bai, bai, oraingoan ere dena ulertu diet – erantzun zion irribarrez aguretxoak- . Lehenengoak, “Zein zoriontsu garen munduan egoteaz” esan dio. Eta bigarrenak, “Mundua zoragarria da” erantzun du.
  • Baina, benetan polita ote da mundua? – azpimarratu zuen amonatxoak.
  • Brif, bruf, braf – erantzun zuen aguretxoak.

Post a Comment